
Bosgarren urtez jarraian, astrofisikari eta kosmologiari buruzko nazioarteko zabalkunde zientifikoko hitzordu nabarienetakoa egingo da ekainaren 9tik 26ra
Astronomiaren Nazioarteko Urtea dela-eta, Almeriako Jardunaldi Astronomiko ospetsuak egingo dira bertan. Edizio honetan, Ellen Baker astronauta amerikarrak emango dio hasiera hitzaldiei. Medikua eta geologoa da, eta hiru aldiz bidaiatu du espaziora.
Azken hitzaldia, ordea, Charles Townes Nobel saridun iparramerikarrak eskainiko du. Laserraren asmatzailea da, eta bi hitzaldi emango ditu. Lehenengoa Almeriako Unibertsitatean izango da; eta bigarrena, Apolo antzokian egingo diren jardunaldi astronomikoetako hitzaldi-zikloaren barruan.
John Beckman eta Isabel Pérez ikertzaile eta astrofisikariak ere izango dira bosgarren jardunaldietako beste bi hizlariak.
Bestetik, aurton honako jarduera hauek ere garatuko dira Almerian: kosmosaren irudi ikusgarrien tamaina handiko Argazkien Erakusketa (gehienak Huble espazio-teleskopioak hartu ditu), Calar Altoko Behatokirako ohiko bisitaldiak eta Izarrak Behatzeko Gaua, astronomia-zaleen Orion Elkartearekin.
Nazioartean oso ospetsua den zabalkunde zientifiko hau egiteko, ezinbestekoa izan da honako hauexen babesa lortzea: Almeriako Udala, Unicaja Fundazioa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Fecyt eta Almeriako Unibertsitatea.

K 2000k eta Filmanovak ekoitzi dute telesaioa
2008ko martxoan estreinatu zuen ETBk “La caja negra”. Lehen saio hark sharearen % 24 lortu zuen, eta ordutegi hartako lehen emanaldirik ikusiena izan zen katearen historian. Iñaki Lopez “Pásalo” programa arrakastatsuko aurkezleak gidatu zituen 15 atalak K 2000k ekoitzi zituen.
Orain, TVGra heldu da K 2000 eta El Mundo TVren formatu orijinala, Fernando González ‘Gonzo’ aurkezlearen eskutik. Lehen emanaldi honetan, astean behin emango dira 50 bat minutuko 13 atalak.
Filmanovarekin lankidetzan
K 2000k Filmanovarekin egiten duen bigarren koprodukzioa da “A caixa negra”. Lehenago, 2007an, “Baserria 1907” egokitu genuen ETB1erako, “History House” britainiar formatu arrakastatsuan oinarritutako programa, zenbait kate autonomikoetan aldi berean egin zena.

Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendutako filmean, Palestinako egoeraren berri ematen da bertako musikaren eta artisten bitartez
Donostiako Giza Eskubideen VII. Zinemaldia (apirilak 23-30) apirilaren 30ean amaituko da, eta, azken ekitaldian, Checkpoint Rock - Canciones desde Palestina film dokumentala estreinatuko da. Filma Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendu dute, eta Euskadiko K 2000 eta Galiziako Filmanova ekoizpen-etxeen koprodukzioa da. Era berean, ETBk ere parte hartu du filmean. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren eta ICCAren laguntzak jaso ditu.
Munduko estreinaldia apirilaren 30ean egingo da Victoria Eugenia antzokian, 19:30ean. Ondoren, 22:30etik aurrera, kontzertua eskainiko da Gasteszenan (Egia K.E.), eta dokumentaleko protagonistak diren zenbait musikarik parte hartuko dute bertan.
Checkpoint Rock Palestinako musikara hurbiltzen da, bertako artisten eskutik. Filma Israel, Gaza eta Zisjordanian filmatu da oso-osorik, eta munduaren begiradapean dauden lekuetako batean zehar egiten du bidaia, bertako errealitatearen zati txiki bat baino ez dugulako ezagutzen. Nolako musikak ematen dizkio ahotsa eta doinua leku honi? Nortzuk dira musikari adierazgarrienak eta nola bizi dira? Zer uste dute euren patuaz eta nola aurre egiten diote euren letren eta doinuen bitartez?
Tel Aviveko publizitate-iragarkietatik eta neonetik, Zisjordaniako lurralde okupatuetako txirotasunera nahiz itxaropenik ezera eta Gazako lurraldeko kontzentrazio-eremu erraldoira. Herriz herri, checkpointez checkpoint, Checkpoint Rock filmak ibilbide berezia egiten du era guztietako musikariekin, Fermin Muguruzaren begirada arretatsupean.
DAM rap-taldeko kideetako baten eskutik, zailtasunak zailtasun lanean jarraitzen duten artisten berri eman nahi du dokumentalak: musikari tradizionalak, hip hopeko kantari gazteak eta rock-taldeak.
Dokumentala estreinatu ondoren, Fermin Muguruzak, bere ohiko musikariek (Jon Elizalde tronboi-joleak, Sorkun kantariak eta Zigor Lampre DJak) eta zenbait musikari palestinarrek kontzertua eskainiko dute, Palestinako soinuak Euskadira hurreratzeko asmoz.
Honako musikari palestinar hauek parte hartuko dute: Amal Murkus, musika tradizionaleko kantaria; Naseem Dakwer, laud arabiar eta biolin jolea; Habib Aldeek, Nablusko Unibertsitateko oud maisua; Suhell Nafar, DAM Palestinako lehen rap-talde arabiarreko kantaria; Safaa Arapiyat, Palestinako lehen emakume rap-kantaria; Kher Fauzi, Walla’at musika tradizionaleko taldeko kantaria, perkusio-jolea eta olerkaria; eta Ayman, rap-kantaria.
Donostian estreinatu ondoren, Checkpoint Rock filma Saharako Nazioarteko Zinemaldira joango da maiatzaren hasieran. Era berean, Documenta Madriden ere egongo da maiatzaren 8an.
K 2000 enpresaren lan-taldea Zisjordanian izan da. Gazako mugara ere hurbildu gara Israelek hura bonbardatu duenean, eta Hamas-eko buruzagiekin elkarrizketatu gara Sirian. Han grabatutako irudi eta elkarrizketak -50 ordu baino gehiago, guztira- palestinarrek euren lurraldean jasaten duten egoeraren isla dira, eta K 2000k ETBrentzat ekoizten duen Pásalo programan ikusi ahal izan dira.
Dokumentalean aztertzen dira Israelgo estatuak judutarren izenean onetsi dituen ekintzak eta horiek palestinarrei dakarzkien ondorio sozial, ekonomiko eta politiko latzak.
Israel 2002. urtean hasi zen harresia eraikitzen. Nazioarteak legez kontrakotzat jo du, eta munduari askatasuna eskatzen dion horma-irudi handia dirudi. Behin amaituta, 700 km luze den zementuzko eta metalezko harresi bat altxatuko da Israel eta lurralde palestinarren artean, ustez, israeldarren segurtasuna bermatzeko.
Belenen, Zisjordania osoan zehar dauden ehunka kontrolgune militarretako bat (checkpointa) zeharkatu genuen. Oinez eta kameren begiradapean, pasaportearen kontrola, tornua eta X izpiak zeharkatu genituen. Kontrol horiek ekonomia, hezkuntza eta osasunaren garapenerako oztopo dira askotan: lagun askok euren lana galtzen dute kontrolen ondorioz; gazte askok ikasteari uzten diote ez dutelako ikastetxeetara joaterik, eta zenbait emakumek anbulantzian bertan izaten dituzte umeak, kontrolgunean itxoiten ari direla.
Hebron hiriko kontrolgune bateko soldadu israeldarrek euren armekin apuntatu ziguten. Hebronen, Israelgo armadak 17 kontrolgune ezarri ditu, bai eta hainbat arau murriztaile ere, herritar palestinarren mugikortasuna debekatu eta oztopatzeko: auto palestinarrak sartzea debekatuta dago hainbat kaletan, eta badaude norabide bakarreko edota iritsiezinak diren kaleak ere. Hirian bertan, judutarren bost kolonia -400 familia- jarri dira bizitzen lehen palestinarrak bizi ziren etxeetan, eta euren segurtasuna bermatzeaz arduratzen dira 4.000 israeldar soldadu.
Antzina, Palestinako hiri nagusia zen Nablus, bere garapen ekonomikoagatik. Gaur egun, 9 urteko blokeoa jasan ostean, bizirauteko zailtasun handiak ditu. Pobrezia eta langabezia agerikoak dira, eta Israelek zorrotz ezarri die kontrol militarra. Nabluseko herritar guzti-guztiek –baita Palestinako Agintaritzaren ordezkari eta agintari nagusia den gobernadoreak berak ere- Israelgo Defentsa Ministerioaren baimena behar dute hiritik atera ahal izateko. Haur gehienak ez dira inoiz hiritik atera; hiriko kaleak baino ez dituzte ezagutzen.
Balata-ko errefuxiatu-gunean, Zisjordanian errefuxiatu gehien dituen esparruan, 25.000 lagun bizi dira kilometro karratu batean.
Zisjordaniako hiriburu politikoa da Ramallah. Hiriaren inguruetan, harresiaren aurrean, zenbait gazte palestinar biltzen dira ostiralero, soldadu israeldarrei harriak jaurtitzeko. Soldadu israeldarrek ke-potoak botatzen dizkiete.
Ejertzito israeldarra bonbardatzen hasia zela, Palestinako beste lurralderantz abiatu ginen, Gazarantz alegia. Hango herritarrek ondorio are latzagoak jasaten dituzte: etxeak eraistea, blokeoa, setioa eta atxiloketa prebentiboak. Israelgo armadak atxiloketa administratiboak egin ohi ditu, herritar juduen segurtasuna aitzakia hartuta. Horra hor datu adierazgarri bat: lau palestinarretatik bat kartzelan egon da inolako salaketarik gabe, hau da, prebentzio-arrazoiengatik baino ez.
1948. urtean Israel Estatua eratu zenetik, milaka palestinar erbestera alde egin behar izan dute, inguruko herrialdeetako errefuxiatu-esparruetan bizitzera: Siria, Jordania, Libano... Hain zuzen ere, hantxe, erbestean, segurtasun-neurri zorrotzen pean elkarrizketatu gara Hamaseko buruzagiekin. Beraiek ohartarazi gaituzte belaunaldi gazteenen artean gorrotoa sustatzeak dakartzan arriskuez.
Hitz gutxitan esateko, k 2000-k ekoitzi duen dokumental honek palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaren arrazoi nagusiak aztertu ditu, Israelen bonbardaketek mundu osoaren arreta bertara bildu duen testuinguru gaur egungoan.
.

Ekainaren 19an, 1.000 saioetara iritsi dela ospatuko du “Pásalo” programak, eta horretarako, K 2000ko platoan emititu beharrean, Bilbao Exhibition Centren (BECen), Barakaldon, egingo da.
Estreinakoz gaurkotasun-albisteak ez dira protagonista izango, K 2000-k saio berezia prestatu baitu egun horretarako. Iñaki López eta Adela González aurkezleekin batera, solaskide polemikoenak eta lau urteotan gatza eta piperra jarri dutenak izango dira. Ikusleek aukera izango dute ohartzeko magazineko kolaboratzaileak, solaskide burutsuak izateaz gain, badituztela ezkutuko beste balio batzuk ere, batik bat, umore sena.
“Pásalo” programa egiten duten profesionalek kaleko jendearengandik eta publikoarengandik hurbilago egon nahi dute egun berezi horretan. Saioa amaitutakoan, gainera, ospakizun handia egingo da BECen “Pásalo celebraremos por todo lo alto” lelopean. Hantxe izango dira euskal gizarteko ordezkari ugari.
Eta ekainaren 20an, ostiralean, 1.001. “Pásalo”-ri ekingo diogu.
“Pásalo” ETB 2n: Astelehenetik ostiralera, 16.00etan

K 2000 enpresak kudeatuko ditu Expo Zaragoza 2008ko megafonia eta informazio-pantailetako edukiak, hiru hizkuntzatan: gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Horretarako, edukiak kudeatu eta produzitzeko unitate bat eratu eta abian jarri dugu, Exporen komunikazio beharrizanei erantzun egokia emateko, epe laburrenean eta kalitate handienarekin.
24 m2ko hiru LED pantaila eta plasmako beste 24 jarriko ditugu Expo barruan, eta 50 m2ko LED pantaila handi bat ere anfiteatroan. Horietan denetan diseinu grafiko argi eta ulerterraza erabiliko dugu, bai guztietan batera zein guneka, eguneko programazioa, azken orduko albisteak eta beste edozein informazio interesgarri bisitariei emateko.
Hainbat erredaktorek, kamera-operadorek, editatzailek eta itzultzailek osatuko dute edukien produkzio-unitateak, eta eurek sorturiko edukiak zein pantailak Adtraxion sistema baten bitartez kudeatuko ditugu.

Martxoaren 5ean, asteazkenez, ETB 2-k prime time ordutegian estreinatuko du La Caja Negra. Iñaki López kazetari ezagunak gidatuko duen programak Euskadin azken hogeita hamar urteetan gizartea astindu duten gertakari garrantzitsuenak ekarriko ditu gogora. Oiz mendiko hegazkin istripua, Ortuellako ikastetxeko tragedia eta 83ko uholdeak izango dira formatu berritzaileak sakon aztertuko dituen gertakarietako batzuk.
Saio bakoitzean, programako lantaldearen ikerketa sakonak gogora ekarriko dizkigu, protagonisten euren eskutik, gure iragan hurbileko gertakari aipagarrienak. Gaur egun ere halakorik berriro gertatuko ote zen? Galdera horri erantzuteko, saioak gertakari bakoitzaren "kutxa beltza" erreskatatuko du asterik aste, eta denborak ematen duen ikuspegiarekin, gertatutakoa argitzen lagunduko duten gako berriak aurkitzen saiatuko dira.
La Caja negra, K 2000-k eta Salta TV-k ETBrentzat egiten duten bigarren koprodukzioa da, eta igandero emango dute katearen bigarren kanaletik, 22:00etatik aurrera.

Generalitatearen Kultura eta Hedabideen Sailak CER-Compendio Educativo en Red hezkuntza-bilduma eskuragarri jarriko du Kataluniako 327 Liburutegi Publikoetan, horrela bat egingo duelarik Gaztela eta Leongo Hezkuntza Sailak egindako konexioekin.
CER bilduma, K2000 SAk eta Ancora Audiovisual-ek DISCOVERY Education-ekin lankidetzan garatu dute, eta gaztelaniaz eratutako balio anitzeko hezkuntza-euskarria da. 800 bideo-atal ditu, 700 gaikako definizio eta 700 irudi eta ilustrazio, eta dena curriculumeko gaiei buruzko erreferentziazko testu eguneratuez lagundurik. Eta bilatzaile doi-doia ere badu. Erreminta erabat dinamiko eta bizia da CER, heziketaren zerbitzura dagoena eta etengabe eguneratzen eta berriztatzen diharduena. Interneteko hezkuntza-edukien iturri agortezin honetara konektatuz, ikastetxeek, liburutegiek eta instituzioek euskarri tekniko esklusiboa lortzen dute heziketa optimizatzeko bidean.

K 2000, Filmanova eta Continentalekin batera egindako ekoizpenaren bidez, nazioarteko formatu arrakastatsua daukan telerrealitate-proiektuan sartuko da. Telebistako denbora-makina da, eta bi familia moderno ehun urte eramango ditu atzera, "1907ko baserrian" bizi daitezen. Baserri horretan, hain zuzen ere, zehatz-mehatz berregingo dira 1907ko bizi-baldintzak.

K 2000 eta ANCORA AUDIOVISUAL enpresek, DISCOVERY EDUCATIONekin elkarlanean, interneterako hezkuntza-produktu bat merkaturatu dute. Produktu honek, hezkuntza-edukien laburpena izan nahi duenak, hainbat bideo, irudi, testu eta terminoen glosario bat ere biltzen ditu.

Ikus-entzunezko Komunikazioko Ikerketen Kabineteak (GECAk) egin
duen 2005-2006 Telebistaren Urtekariaren arabera,
K2000 enpresa ikus-entzunekoen alorrean programazio-ordu gehien dituzten enpresetakoa
da. Horixe adierazi du GECAk, Estatu espainiarreko ekoiztetxe independenteen
programazio-orduen rankingari buruzko azterketa egin ondoren. Ikerketak,
halaber, ekoiztetxe independenteak telebisten parrilletan gero eta
toki gehiago hartzen ari direla ondorioztatzen du.
K 2000 enpresa rankineko seigarren lekuan dago, eta 760 ordu ekoizten ditu ETBrako, "Pásalo", "Bertatik Bertara" eta "Kalaka" telebista-saioen bitartez besteak beste. Zortzigarren lekuan Pausoka ekoiztetxea dago 715 ordurekin eta "Vaya Semanita" eta "Goenkale" telebista-saioekin besteren artean, horiek ere ETBn emititutakoak. Ordu gehien ekoitzi dituzten enpresak Globomedia, Gestmusic-Endemol eta Mediapro dira: lehenengoak 1.511 ordu ekoiztu ditu 2005-2006 denboraldian, eta beste biek 1.159 eta 1.053 ordu hurrenez hurren. Enpresa horien guztien bezero garrantzitsuenak, bestalde, telebista nazionalak dira. Programazio-ordu gehien dituzten 10 ekoiztetxeetako beste batzuk Cuarzo Producciones, Boomerang TV, Producciones 52, Estudio 1 eta Media Report dira.

"Alkateak berak esanda, Zaragoza eta 2008ko Expoa munduan ezagutarazteko bisita-txartela da DVDa." "Ikus-entzunezko lan harrigarria" (El Heraldo de Aragón 06/09/29)
"Hiriaren gaur egungo egoera eta etorkizunari begirako estrategiak laburbiltzen ditu, abangoardismo ukituarekin" (hoyInversión 06/09/29)
"Hiriaren berrikuntzak, irekitasuna eta kokapen estrategikoa ezagutarazten ditu" (El Periódico de Aragón 06/09/29)
"Udalbatzak asmo handiko ikus-entzunezko lana prestatu du." (Diario del Alto Aragón 06/09/30)

DVDak Zaragoza munduan ezagutaraztea du helburu; izan ere, Aragoiko hiriburuak, duela gutxi eta 2015era arte, uraren munduko hiri izendapena jaso du UNESCOren eskutik eta, horrez gain, 2008ko EXPOa izango da bertan. Lana, hiriaren eraldaketa prozesua erakusten duen DVD interaktibo eleanitza, Txinan aurkeztu du Juan Alberto Belloch alkateak. Gure enpresak zuzendu duen proiektu honek hiriaren nortasuna eta bereizgarri dituen garrantzi, berezitasun eta sinesgarritasuna eman nahi ditu ezagutzera.

K2000-k diseinatu eta garatu du BOSen web orri berria eta uztailaren hasieratik kontsulta daiteke. Bertsio berri honetan orkestra sinfonikoek darabiltzaten musika-tresnei buruzko hainbat bideo didaktiko jarriko dira ikusgai arian-arian. Izan ere, K2000 enpresak teknologia berrien arlorako hezkuntza-edukiak garatzen ditu besteren artean.

Bigarren urtez jarraian, K 2000k Almeriako jardunaldi astronomikoak antolatu ditu ekainaren 9tik 15era, Andaluziako hiriburuan.
Edizio honetan hitzaldi ziklo bat egin da, besteak beste Riccardo Gaiacconi Fisikako Nobel saridunaren eta Claude Nicollier astronauta suitzarraren partaidetzaz. Horrez gain, bisitariek Behaketa Astronomikoen egunarekin eta ateak zabaltzeko egunarekin gozatu ahal izan dute Calar Altoko Astronomia-behatokian.
K 2000k bideo bat prestatu zuen maiatzean, Zaragoza mundu mailan ezagutarazteko. Izan ere, Aragoiko hiriburuak, duela gutxi eta 2010era arte, uraren munduko hiri titulua jaso du UNESCOren eskutik eta, horrez gain, 2008ko EXPOa hartuko du.
K2000k, bideoaren ostean, DVD interaktibo eleaniztuna egingo du. Horretan, alde arrazional eta emozionalak uztartuko dira eta Zaragozaren irudia indartuko da aldaketa betean murgilduta dagoen une honetan. Horretarako, estrategikoki komunikaturik dagoen hiri honen ezaugarriak azpimarratuko dira bideoan, kontuan hartuta, milaka urteko historia duela batetik eta puntako teknologiadun enpresa-sare berritzailea sortzeko asmoa duela, bestetik.

Xabier Euzkitzek aurkezten duen info show honetan informazioa eta entretenimendua nahasten dira.
Kalaka saioak iritzi ezberdin eta hainbat genero uztartzen ditu: elkarrizketak, erreportajeak, adituen azterketak, gertaera ezberdinen protagonistak... Era horretara, Euskadiko eta munduko gaurkotasun handiko berriak hurbilarazten dizkio ikusleari eguneroko erritmo arina alde batera utzita eta gertaeren benetako dimentsioa aztertuz, hau da, zergatiak, testuingurua, eraginak eta abarrekoak aintzat hartuta.



